XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Germana ondo zegoela (zahartuxeago ere bai, noski), eta ez zuela nitaz sekula galderarik egin jakin ahal izan nuen.

Ez nintzaion bisitan joan.

Probabilitate kalkulo guztien arauera, banekien elkar ikusteko parada izango genuela bizitza normala eramanez gero.

Probabilitateei bultzadarik ez.

Gerta zedila gertatu beharrekoa. Eta kitto.

Zerbait naturala izango zen.

Eklipse baten agerpena, ilargi betearena bezala.

Negu osoa udarako planak egiten pasa nuen.

Denbora neurgarri bihurtu zitzaidan, bere egun, aste eta hilabeteekin.

Ez neukan ezer ahazteko.

Elena zen gogoratu nahi nuen bakarra.

Baina ez nuen horretarako irudi geometrikorik ezagutzen.

Ahazteko tenorean triangeluak balio ote dezakeen pentsatzen nuen. Ez, jakina.

Oroimena lerro zuzena da, iragana eta orainaren artekoa, bi puntu horien arteko distantziarik motzena.

Hiriei buruz hasi nintzen gogoetan, hurrengoan Elena non aurkituko neure buruari galdezka.

Argi ikusten nuen triangelua, Atenas, Lisboa eta Parisen artean osaturik zegoena.

Orden horri jaramon eginez gero, hurrengo batetan Europatik kanpo izan beharko lukeela esaten zidan probabilitate kalkuloak, Afrika, Asia edo Ameriketan.

Gizonek eraikitako monumentuak erakutsiz ikusi nuen Elena hiru aldietan.

Bazter nitzakeen monumentu naturalak: Coloradoko Grand Canyon, Niagara, Ugazu, Nilo, Copacabanako hondartza. Gizonek eraikitakoetara joz, Txinako Harresia, Egiptoko piramideak, New Yorkeko Empire State Building, San Franciscoko Golden Gate Bridge edo antzekoren bat izan zitekeen.

Tenore horretan gogorarazi nion munduan bazeudela monumentu horietaz aparte beste pilo bat (...).